Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak Euskal pentatloiaren hirugarren txapela lortu du, hirugarren urtez jarraian

Argiratze data: 2023ko urriaren 24a, 9:00 | Azken bertsioa: 11:00 | Irakurtzeko denbora: 3 minutu 

 Gomez Jauregi, Mikel

Andoni Iruretagoienak, Izeta VI.ak,  Euskal pentatloiaren bere hirugarren txapela irabazi du Azpeitiako (Gipuzkoa) zezen-plazan, larunbat honetan, irailak 23. Aiarrak argi utzi du diziplinaren jaun eta jabe dela, eta bi minutu eta hamar segunduko aldea atera dio bigarren sailkatua izan den Xabat Olaizolari. Nahiz eta lorpen handia lortu, Izeta VI.ak ez du bere iazko marka hobetu;  31 minutu eta 55 segundo behar izan ditu probak bukatzeko.

EiTBko emankizunean azaldu zenez, larunbatean ospatutako Euskal Pentatloia 2023 txapelketaren finalean sei kirolarik parte hartu zuten; Andoni Iruretagoienak (Izeta VI), Julen Kañamaresek, Aritz Irazabalek, Joritz Gisasolak (Zelai IV), Xabier Zalduak eta Xabat Olaizolak. Guztira bost proba desberdin egin zituzten finalean: ehun kiloko bola bat 25 aldiz jaso; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu; aizkoran, hiru kana-erdiko ebaki; 50 kiloko txingekin, sei plaza egin; eta korrika, hiru kilometro osatu edo zezen plazari 30 bira eman.

Bigarren txandan aritu ziren hiru kirolariek osatu zuten podiuma. Olaizolak, eskubaloiko jolari ohiak, denborarik onena ezarri zuen lehenengo proban, 2 minutu eta 24 segundorekin. Izeta VI.ak berriz, 36 segundo gehiago behar izan zituen froga amaitzeko, saiakera balioagabe batekin. Olaizolak lidergoan jarraitu zuen 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu ostean, baina Izeta VI.ak 25 segunduko abantaila gainditzea lortu zuen. Xabier Zaldua zumarragarra izan zen podiumaren hirugarren tokia lortu zuen kirolaria, 3 minutu eta 25 segundora iritsi zen. 

Lehen txandan, Aritz Irazabalek lehenengo frogatik hartu zuen aurrea, eta lidergoan jarraitu zuen amaierara arte. Alde handiarekin iritsi zen helmugara, baina ez zen nahikoa izan Izeta VI.ren denbora hausteko. 

Iturria: Euskal Pentatloiaren instagram-a

Hirugarren txapela

Andoni Iruretagoienak, Xabier Zalduaren eta Joxemari Olasagastiren hiru txapelak berdindu ditu, hirugarren urtez jarraian lortuz. Nahiz eta larunbatean ezarritako denbora oso ona izan, ezin izan zuen pasa den urteko denbora hautsi, mende honetako errekorra ezarri zuenean. Euskal pentatloiaren denborarik onenak 1990. urtean ezarri zituzten, eta oraindik ezin izan dituzte hautsi; Olasagasti (27:20) eta Anjel Arrospide (30:15), Noticias de Gipuzkoak azaldu duenez. 

Sailkapena: 

1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (31:55)        

2. Xabat Olaizola (34.05)                    

3. Xabier Zaldua (35.20)          

4. Aritz Irazabal (35.35)              

5. Joritz Gisasola (39.57)            

6. Julen Kañamares (41.49)

Interesgarria izango zaizu...

Discover more from Herri Kirolariak

Subscribe now to keep reading and get access to the full archive.

Continue reading