Itxaronaldia luzea izan da, baina jada euskal txirrindulari zaleentzako urteko asterik berezienetekoa heltzear dago. Apirilaren 6tik aurrera Euskal Herriko errepideetan Korrikaren Zetak taldeko Xiberutikan Mendebaldera abestia Itzuliaren Momak taldeko Itzuliko naiz abestiagatik aldatuko da. Hala ere, apirilak 4an, aurreko asteburuan, urtero legez, Miguel Indurain Sari Nagusia ospatuko da Nafarroako Lizarra udalerrian.
Goizeko 10:30etatik aurrera txirrindulari profesionalen joan-etorriak nabarmenduko dira Lizarrako errepidetatik. Zehazki, taldeen autobusak egongo diren Remontival kaletik sinadura kontrola egongo den Foru plazara. Hala ere, tropela bere osotasunean ez da goizeko 11:50ak arte elkartuko plazan, irteerarako aurreikusitako ordua.
Ibilbidea
203.9 kilometroko eta 3.500 metroko desnibela duen ibilbidea izango da aurtengoa. Txirrindulariak Lizarratik 4 aldiz igaroko dira. Tartean, Eraul (bi aldiz), Lezaun eta Guirguilano bezalako mendateak zeharkatu beharko dituzte. Hala ere, gakoa, aurreko urteetan ikusi den bezala, Lizarratik igarotzen diren bakoitzean igotzen duten Ibarra mendatean egon daiteke. Laburra baina aldapatsua, Ibarra klasiko bat bihurtu da lasterketa honetan. 500 metroko luzera eta batez besteko malda %10,7koa du. Tarterik gogorrena erdian kokatzen da, malda %16,8ra heltzen denean. Aurreko urtean Thibau Nys LIDL-Trek taldeko txirrindulariak helmugarako 1.5 kilometro falta zirenean egindako eraso baten ondorioz irabazi zuen.
Alto Ibarra, Estella, España
• Distancia: 597 m, Desnivel: 64 m, Pendiente Media: 10.7 %
Horrek bi amaiera posible aurkezten ditu. Alde batetik, talde txiki baten esprinta gertatzea. Bestetik, txirrindulari batek lasterketa buruan bakarrik heltzea helmugara. Aurreko urtean ikusi zen bezala, gakoa Ibarra mendatearen azken metroetan erasoa botatzea izan daiteke, helmugaraino geratzen diren azken 1000 metroak aldapan behera direlako.

Taldeak
Data powered by FirstCycling.com
Guztira 19 taldek parte hartuko dute 2026ko Miguel Indurain Sari Nagusian. 10 World Tour kategoriakoak (txirrindularitzako lehen mailakoak), 7 ProTeam taldeak (bigarren mailakoak) eta 2 Kontinentalak. Egia da normalean izen garrantzitsuak etortzen direla lasterketa honetara; izan ere, Itzulia hurrengo egunetan hasi ohi da. Hala ere, aurtengo parte-hartzaileen zerrendan maila altuko txirrindulari ugari agertzen dira. Talde bat baino gehiagok liderrak ekarriko dituzte.
Faboritoak
Aurreko atalean aurreratu bezala, aurten ez dago talde ezta txirrindulari bat besteen gainetik asko bereizten dena. Akaso nabarmendu liteke XDS Astana Team, Lizarrara irabazteko aukera duten hainbat izen indibidualekin datorrena. Hala ere, beste talde askok, Cofidis, Bahrain-Victorious, EF Education First – EasyPost edo Lidl-Trek berak, txirrindulari bat baino gehiago dituzte irabazteko aukerekin.
Aurretik aipatutako XDS Astana Team taldeko Christian Scaroni da faboritoetako bat. Txirrindulari italiarrak badaki zer den irabaztea aurtengo denboraldian, birritan altxatu baititu besoak. Gainera profila oso ondo egokitzen zaio, eta dudarik gabe kontuan hartzeko izen bat da. Harold Tejada kolonbiarra izango du alboan, Paris-Nice bikaina egin duena (etapa 1 eta 10. postua sailkapen orokorrean). Biak ala biak Itzulian parte hartzeko aurretiko izen-ematea egin dute eta, ondorioz, forma onean daudela aurreikusten da.
Ben Healy irlandarra kontuan hartzeko beste txirrindularri bat da. EF Education Firs – EasyPost taldeko txirrindulariaren lehen aldia izango da Miguel Indurain Sari Nagusian, eta denboraldi honetan oraindik besoak altxatu ez dituen arren, profil hauetan zaindu beharreko gizon arriskutsua dela erakutsi du behin baino gehiagotan. Aurten 12. postua eskuratu du Strade Bianchen, eta bere aurretik geratu ziren txirrindularirik ez da izango larunbatean Lizarran.
Cofidis taldeak etxeko bi txirrindulariekin joangoa da garaipenaren bila: Alex Aranburu eta Ion Izagirre. Lehenengoak lider gisa jokatuko duen arren (denboraldia ondo hasi da eta aurreko urtean 5. postuan geratzea lortu zuen), aurtengoa Izagirreren azken denboraldia da eta, ondorioz, bere azken Miguel Indurain Sari Nagusia. Paris-Nicen 7. geratu zen, eta dagoen mailagatik irabaztea zaila izango den arren, erakutsi du forma onean dagoela eta kontuan hartu beharreko gizona dela.
Igor Arrieta UAE Team Emirates – XRG taldeko txirrindulari nafarrak hanka onekin hasi du denboraldia eta besoak altxatzeko aukera duen taldearen parte izango da dudarik gabe. Tadej Pogacar edo Isaac del Toro bezalako lider ukaezinen presentziarik gabe, UAEko txirrindulariek askatasun handiagoa izango dute eta aukera aprobetxatu behar du. Bahrain-Victorious taldea Pello Bilbao eta Antonio Tiberirekin joango da Lizarrara. Italiarra etxeko txirrindularia baino aukera handiagoak izan ahal dituen arren, biak dira kontuan hartu beharrekoak. Amaitzeko, Héctor Álvarez gaztea aipatu behar da, Lidl-Trek taldekoa. Ez da faboritoena, baina jada denboraldi hasierako klasiketan erakutsi duenez aurreko taldean egoteko aukera handiak izan ahal ditu.
Bigarren maila batean, aldiz, Quinn Simmons, Markel Beloki, Lennert van Eetvelt, Natnael Tesfatsion, Pau Martí, Haimar Etxeberria, Marc Soler, Felix Grosschartner, Clément Champoussin, Sergio Higuita, Alex Moleenar eta Marc Hirschi aipatu behar dira. Gainera, Eñaut Urkaregi Lidl-Trek Future Racing taldeko euskal txirrindulariak Lidl-Trek taldearekin parte hartuko du, eta interesgarria izango da nola moldatzen den ikustea.
Asierren hautaketa
⭐⭐⭐ Christian Scaroni
⭐⭐ Ben Healy, Alex Aranburu
⭐ Harold Tejada, Ion Izagirre, Igor Arrieta

